Joan edukira

Euskal Herria Bilduk ezker subiranistaren emaitzak hobetu ditu

2012/10/22

Euskal Herria Bilduk indar erakustaldia egin du gaurkoan Sestaon, %16,17ko emaitza lortuta. 2009an egindako Legebiltzarrerako hauteskundeetan D3Mren zerrenda baliogabetuak, Aralarrek eta Eusko Alkartasunak 1.230 bozka lortu zituzten, horren ondotik 2011 urtean egindako udal hauteskundeetan 1.856 bozka lortu zituzten Bilduk eta Aralarrek, eta sei hilabete beranduago Amaiurrek emaitza horiek hobetu zituen 1.950 bozka eskuratuz. Azken urteetako gorakadari segida emanez emaitzak hobetu ditu berriz ere Euskal Herria Bilduren zerrendak, 2.261 bozkara iritsiz. Gauzak horrela, duela hiru urte baino mila bozka gehiago lortu dituzte ezkertiar eta independentistek, eta egun hirugarren espazio sozio-politikoa argia dira, PNV eta PSOErengandik banatzen duen tartea gero eta gehiago gutxituz.

Auzoz auzo, emaitzarik onenak Txabarrin lortu ditu, %21,12ko emaitza izan baitu auzoa osatzen duten hautes-mahaietan. Horren atzetik, El Carmen-Azeta auzoan %17,53 emaitza erdietsi du Euskal Herria Bilduk, eta zentruan %14,86koa. Laura Mintegi buru duen zerrendaren emaitzarik diskretuenak, ohi bezala, Kueto-Errebontza (%14,51) eta Markonzaga (%12,24) auzoetan izan ditu, nahiz eta bi auzoetan ere bai hazi egin den. Azpimarragarria da Kueton izandako hazkundea, auzo honetan udal hauteskundetan Bildu eta Aralarrek izandako emaitzekin alderatuta, 116 bozka irabazi ditu esparru ezkertiar independentistak.

Emaitza hauekin ezkerreko abertzaleek 4. zinegotzia lortuko lukete udalean, egun dituzten hiruak hobetuz.

No comments yet

Utzi iruzkina